ohiko eskaerak

  • Bikote harremanak.
    Beste harreman mota batzuk bezala, bikotekoa ere aldaketa eta bilakaera etengabean dago. Bide horretan arreta egin behar diogu –eta zaindu– gure komunikatzeko moduari, formalki zein funtsean, horrek lagundu egingo digulako negoziazioetara iristen, mugak hobeto kudeatzen, gatazkak modu egokian konpontzen: jatorrizko familiarekin dauzkagunak, etxeko antolaketari buruzkoak, seme-alaben hezkuntzaren inguruko irizpideei buruzkoak…
    EMAIZEk gelditzeko denbora-tarte bat eskaintzen du, intimitate-gune bat, non bikotekide bakoitzak entzun ahalko dion bai besteari eta baita bere buruari ere, hartara, bi-biek elkarrekin eskura dituzten aldaketa-aukerak praktikara eramateko, barne-barnetik eraman ere, eta hobetu nahi dutenaren bidea egiten lagunduko dieten tresnak ezagutu eta baliatzeko.

 

  • Identitate sexuatuak.
    Gizon-emakumeak aldaketa- eta ikasketa-prozesu etengabean bizi gara, beti. Zerbait dinamiko, plural, anitz eta eskarmentuaren gainean osatua gara… paregabeak gara.
    Prozesu biografiko horretan une kritikoak izango ditugu, desorekak eragingo dizkiguten gorabeherak, eta horiek eragin diezaiokete baita gure geure estimuari (norberaren edo norberarekiko estimua), gizon edo emakume izateko gure moduari…
    EMAIZEn lagundu egin nahi dizugu oreka horren bilaketa pertsonalean, ezagutzaren, onarpenaren, gozamenaren eta abarren bitartez, halako moduan non eguneroko bizitza asegarria izango den.

 

  • Desiren kudeaketa.
    Giza-dimentsio jakin batez ari gara, elkar maitatu eta bilatzera gonbidatzen gaituzten sentsazioez, eta zentzumenek –hitzaren adiera anitz eta desberdinetan– eragiten dizkiguten gozamen, asetasun eta beste norbaitekin elkartzeko gogoaz.
    Utikan nahitaezko betebeharrak, kultura- eta moral-ereduek desiraren inguruan ezarritako inposaketak, dela nor desiratzeaz (bestea nor ote?), dela nola desiratzeaz (zertan gabiltza?).
    Norbanakoaren zein bikotearen desirak benetan anitzak izan daitezke, baina norberaren edo bikotearen baitatik esperimentaziorantz jo behar dute, ez “espero den” edo “beharko lukeenaren” horretarantz.
    EMAIZEn zure baitan daramazun aukera erotikoen sorta zabal hori deskubritzen, ezagutzen eta onartzen lagunduko dizugu, disfrutatu eta konpartitu dezazun.

 

  • Amatoriaren kudeaketa.
    Posible dugunaren eta asetzen gaituenaren mugetan mugitzen gara, subjektibotasunei erreparatuta honako gorabehera hauetan:

    • Erekzioa, eutsi ezin zaionean, edo, halakorik gertatzen ez denean, arrazoi jakinen batengatik (nekea, urduritasuna…), edo nolabaiteko lesioak eraginda.
    • Bagina-sarketa, batzuetan mingarri edo gogaikarria izaten ohi da, edo INKONTZIENTEKI baztertzen da.
    • Eiakulazioaren kontrola, nahi baino lehenago eiakulatzen delako, nahi baino berantago, edo eiakulaziorik lortzen ez delako.
    • Orgasmoa, halakora kostata iristen denean, edo nolabaiteko asegabetasuna eragiten duenean.
    • Desiraren berezitasunak, gehiengoaren ideiekin bat ez datozen egoera edo praktikak desiratzen direnean.

EMAIZEn exijentzia eta betebeharrekorik gabe ezagutzea sustatu nahi dela, dela norberaren ezagutzan, dela elkarren artekoan.

Emaize 3.0

Iradokizunak: